XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EKn sartzea ez da hain kaltegarria Nafarroako abeltzantzarentzat

DONOSTIA

Nafarroako nekazaritza eta abeltzantza ondo garaturik daude, eta horregatik Europako Komunitatean sartzeak beste autonomi elkarte batzuei baino kalte txikiagoa egin die, Carmelo Sainz de Murieta, Nafar Gobernuko Abeltzantza Zuzendaritzako buruak atzo aditzera eman zuenez.

Sainz de Murietak Espainiako Ahuntz eta Ardigintza Elkartearen XVI Ihardunaldi Zientifikoetan hartu zuen parte Iruñean.

Ihardunaldi hauen hasieran Juan Cruz Alli Nafar Gobernuko burua ere izan zen.

Egun hauetan izango diren ekitaldiotan 230 aditutik gora bilduko dira nafar hiriburura.

Teknikari honek agerraldian azaldu legez, Nafarroan 22.301 ahuntz daude, eta 625.165 ardi.

Azken animalia hauen % 60 okela emaleak dira; % 30 ardi latxaren arloan sartzen dira esnegintzan.

Gainontzekoak Mantxa eta Aragoi erregioetako ardi arrazari dagozkio.

Ardiaren arloan nafar komunitatean dauden osasun arazoei buruz ere mintzatu zen Murieta.

Azken zazpi urteotan ez dugu izan eritasun epizootiko edo entzootikoen berririk izan azpimarratu zuen zuzendariak.

Murietaren iritziz, ardi eta ahuntz ekoizpenaren arazo nagusia bruzelosia da.

Gizakiak gaixotasun hori harrapatzen duen kasurik gehienetan % 84ean, hain zuzen animalia hauek eragindako kutsaduraren ondorioz izaten da.